2025-11-26
Pasaden astelehenean, azaroaren 17an, Arteko Gure Amako LH5eko eta LH6ko ikasleok rap tailer batean parte hartu genuen. Saioari hasiera emateko, flowarekin musika-gelan sartzen hasi ginen, giro berezi eta dibertigarria sortuz.
Ondoren, Hip-Hoparen kontzeptua azaldu ziguten, eta mugimendu “kontzientean” oinarritutako adierazpen-modua dela ikasi genuen. Hori jakinda, hainbat dinamika egin genituen. Horietako batean, bi taldetan banatu ginen: talde batean gauza onak jaso nahi zutenak elkartu ginen, eta bestean, gauza “txarrak” edo zailak adierazi nahi zituztenak. Taldeak osatuta, bakoitzak bere pentsamenduak eta ideiak paper batean idatzi zituen.
Bigarren dinamika batean, minutu gutxitan burura zetozkigun ideia guztiak idaztea izan zen gure lana. Ariketa arin eta espontaneoa izan zen, eta askori gustatu zitzaigun; oso dibertigarria izan zen pentsatu gabe burura etortzen zitzaiguna ikustea!
Azkenik, aipatzekoa da tailerra eman ziguten bi gazteak oso jatorrak izan zirela; egia esan, saioa labur egin zitzaigun. Horregatik, pozik errepikatuko genuke berriz, oraingoan denbora gehiagorekin.